miércoles, 24 de octubre de 2012

ERATSUNDIK DONEZTEBERAINOKO EXODOA


Artikulu hau 2010. urteko martxoan argitaratu zen www.euskosozial.info web orrian:



ERATSUNDIK DONEZTEBERAINOKO EXODOA



     Heldu den ikasturtean Erastungo eskola itxi eginen dela berretsi du Nafarroako Gobernuak. Martxoaren 15ean bilera egin zuten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ordezkariek eta Eratsungo alkateak, idazkariak eta gurasoek. Kontua da 2011/2012 lau ikasle besterik ez direla izanen eskolan, eta berez eskolak lau ikaslerekin ixteko aukera bada ere, salbuespena egiteko eskatu zioten Departamentuari Eratsundik joandako ordezkariek, gerora gehiago izanen bai dira. Dena dela eskaria hutsean geratu da Nafarroako Gobernuak ez baitu inolako jaramonik egin. Dena dela, ez omen dira besoak gurutzatuekin geratuko herritarrak eta hala, zerbait egiten saiatuko omen dira, nahiz eta benetan zaila gertatu.

     Hau aitzinera eramaten badute, hiru urtetik 12 urte bitarteko ikasleek Doneztebera joan beharko dute eta modu honetan, goizeko 8:15ean joaneko autobusa hartuko lukete eta arratsaldeko 17ak pasatan iritsiko lirateke bueltan. Baina ez da soilik haurrek pairatu behar duten ordu kopuru altua eta ezta autobusean egin behar duten bide tartea, neguan errepide horrek izan dezakeen arriskuarekin…Ez, ez da hori bakarrik kontua. Herria haurrik gabe, bizigabe bezala geratuko da eta herritarrek izugarri nabarituko dute hutsunea.

     Nafarroako Gobernuaren erabakiaren berri izan ondoren, STEE-EILAS sindikatuak elkartasuna adierazi nahi izan die, irakasle, guraso eta orokorrean eskolako komunitatea osatzen duten guztiei eta modu berean, Hezkuntza Departamentuari eskaria luzatu diote hurrengo ikasturteari begira, Eratsungo eskola ez ixteko.
      Aipatu sindikatuaren erranetan, eskola honetan sortu zenetik hezkuntza proiektu garrantzitsu bat garatu dute, eta horrenbestez, uste dute eskola ixtearekin batera ez dela proiektu batekin amaitzen, baizik eta gizartearen garapena bermatuko duen proiektu batekin eta neurri batean, hori ere, atzera pausu bat ere bada, sindikatuaren ustez. STEE-EILAS sindikatuaren ustez eskola bat ezin da itxi 5 ikasle baino gutxiago baldin badaude, eta are gehiago kontuan hartzen badugu etorkizunerako datu baikorrak daudela, zentsuak garbi erakusten duen moduan.

     Ez da lehen aldia gure eskualdeko eskola ttikiek ateak ixten dituztela, lehenik ere Zubieta, Aniz, Berroeta edota Elgorriagako eskolak itxi ondoren zentsuak goiti egin bai zuen eta berriz zabaltzeko eskaeraren bat egin bazen (Berroetako kasuan) ez zuten inolako kasurik egin. Beraz, ondorio garbia ateratzen ahal dugu, behin Nafarroako Gobernuak eskola bat ixten duenean oso zaila izanen da berriz zabaltzea eta horrek ere itxaropen gutxi izatera eramaten ditu Eratsundarrak. Baina pentsa, Foru Legeak berak, landa eremuko biztanleei hezkuntza eskaintza modu egokian helaraztea derrigortzen du, batez ere populazio gune urrunen eta txikienetara derrigorrezko irakaskuntza eramateari dagokionez. Honen aitzinean, STEE-EILAS sindikatuak argi du eskola hauetako ikasleek pairatzen duten eskuin urratzea, eta Hezkuntza Departamentuak gehiago begiratzen diola momentu honetan errentagarritasun ekonomikoari, errentagarritasun sozial eta kulturalari baino, sindikatuaren hitzetan.



Artikulu honetan esandakoa kontuan hartuz, ondorio gisa hezkuntza arloan ere, herri txikiak kaltetuenak izaten direla azpimarratu dezaket. Ez da erraza herria aitzinera eramatea eta hezkuntza, poltsa horretan sartu behar izatea, ez al da penagarria?

Arrazoiak aztertuz, lehenik eta behin, erraten ahal da biztanleri gutxiko herriek borroka egiteko “indar” apalagoa izan dezaketela, kasu honen gisa, ez baita berdin Gobernuko ordezkariarengana 10.000 edo 50.000 biztanleko ordezkaritza bat joatea edo 300ekoa. Aunitzez ere ahots (eta bozka) gehiago dira isilarazteko…

Bertzalde, jende gutxi bizi den lekuetan, umeek ematen diote bizitasuna herriari eta eskola txikiak ixtean, haurrak egun osorako kanpora joan behar izaten dira. Gobernuak ez du sekula 3 urteko haur txiki horien deserosotasuna kontuan hartuko, (goizeko ordu txikietan jaiki eta neguan, ilunduta itzuli) eta are gutxiago eskola hauek euskal eremuan (oroitu Nafarroako Gobernuak ezarri duen zonifikazioa) kokatzen badira.

Era berean, ekonomiaren arloa ere aipatu beharko dugu, izan ere, eskola ixteak irakaslea langabezian geratzea ekartzen baitu. Gaur egun krisiak itotzen gaituen honetan, zerrenda loditzea bertzerik ez dugu falta. Eskola handi batean handik edo hemendik murrizketak egitea errazagoa da, baina gutxi dagoen lekuan nondik kendu behar da?

Guzti hau kontuan hartuz, aipatu behar dut benetan pena bat dela herri txikietako eskolak ixtea, eskola umeek ikasgaiak, bizi duten landa eremu aberasgarrian jorratzeko aukera galtzen dutelako, kontuan hartuz herritarrek eskolarekin duten elkar-lan harremana. Herriak ez dira deus haurrik gabe.


No hay comentarios:

Publicar un comentario