ERATSUNDIK DONEZTEBERAINOKO
EXODOA
Heldu den ikasturtean Erastungo eskola itxi eginen dela berretsi du
Nafarroako Gobernuak. Martxoaren 15ean bilera egin zuten Nafarroako Gobernuko
Hezkuntza Departamentuko ordezkariek eta Eratsungo alkateak, idazkariak eta
gurasoek. Kontua da 2011/2012 lau ikasle besterik ez direla izanen eskolan, eta
berez eskolak lau ikaslerekin ixteko aukera bada ere, salbuespena egiteko
eskatu zioten Departamentuari Eratsundik joandako ordezkariek, gerora gehiago
izanen bai dira. Dena dela eskaria hutsean geratu da Nafarroako Gobernuak ez
baitu inolako jaramonik egin. Dena dela, ez omen dira besoak gurutzatuekin
geratuko herritarrak eta hala, zerbait egiten saiatuko omen dira, nahiz eta
benetan zaila gertatu.
Hau aitzinera eramaten badute, hiru
urtetik 12 urte bitarteko ikasleek Doneztebera joan beharko dute eta modu
honetan, goizeko 8:15ean joaneko autobusa hartuko lukete eta arratsaldeko 17ak
pasatan iritsiko lirateke bueltan. Baina ez da soilik haurrek pairatu behar
duten ordu kopuru altua eta ezta autobusean egin behar duten bide tartea,
neguan errepide horrek izan dezakeen arriskuarekin…Ez, ez da hori bakarrik
kontua. Herria haurrik gabe, bizigabe bezala geratuko da eta herritarrek
izugarri nabarituko dute hutsunea.
Nafarroako Gobernuaren erabakiaren berri
izan ondoren, STEE-EILAS sindikatuak elkartasuna adierazi nahi izan die, irakasle,
guraso eta orokorrean eskolako komunitatea osatzen duten guztiei eta modu
berean, Hezkuntza Departamentuari eskaria luzatu diote hurrengo ikasturteari
begira, Eratsungo eskola ez ixteko.
Aipatu sindikatuaren erranetan, eskola
honetan sortu zenetik hezkuntza proiektu garrantzitsu bat garatu dute, eta
horrenbestez, uste dute eskola ixtearekin batera ez dela proiektu batekin
amaitzen, baizik eta gizartearen garapena bermatuko duen proiektu batekin eta
neurri batean, hori ere, atzera pausu bat ere bada, sindikatuaren ustez.
STEE-EILAS sindikatuaren ustez eskola bat ezin da itxi 5 ikasle baino gutxiago
baldin badaude, eta are gehiago kontuan hartzen badugu etorkizunerako datu
baikorrak daudela, zentsuak garbi erakusten duen moduan.
Ez da lehen aldia gure eskualdeko eskola
ttikiek ateak ixten dituztela, lehenik ere Zubieta, Aniz, Berroeta edota
Elgorriagako eskolak itxi ondoren zentsuak goiti egin bai zuen eta berriz
zabaltzeko eskaeraren bat egin bazen (Berroetako kasuan) ez zuten inolako kasurik
egin. Beraz, ondorio garbia ateratzen ahal dugu, behin Nafarroako Gobernuak
eskola bat ixten duenean oso zaila izanen da berriz zabaltzea eta horrek ere
itxaropen gutxi izatera eramaten ditu Eratsundarrak. Baina pentsa, Foru Legeak
berak, landa eremuko biztanleei hezkuntza eskaintza modu egokian helaraztea
derrigortzen du, batez ere populazio gune urrunen eta txikienetara
derrigorrezko irakaskuntza eramateari dagokionez. Honen aitzinean, STEE-EILAS
sindikatuak argi du eskola hauetako ikasleek pairatzen duten eskuin urratzea,
eta Hezkuntza Departamentuak gehiago begiratzen diola momentu honetan
errentagarritasun ekonomikoari, errentagarritasun sozial eta kulturalari baino,
sindikatuaren hitzetan.
Artikulu honetan esandakoa kontuan hartuz,
ondorio gisa hezkuntza arloan ere, herri txikiak kaltetuenak izaten direla
azpimarratu dezaket. Ez da erraza herria aitzinera eramatea eta hezkuntza,
poltsa horretan sartu behar izatea, ez al da penagarria?
Arrazoiak aztertuz, lehenik eta behin, erraten
ahal da biztanleri gutxiko herriek borroka egiteko “indar” apalagoa izan
dezaketela, kasu honen gisa, ez baita berdin Gobernuko ordezkariarengana 10.000
edo 50.000 biztanleko ordezkaritza bat joatea edo 300ekoa. Aunitzez ere ahots
(eta bozka) gehiago dira isilarazteko…
Bertzalde, jende gutxi bizi den lekuetan,
umeek ematen diote bizitasuna herriari eta eskola txikiak ixtean, haurrak egun
osorako kanpora joan behar izaten dira. Gobernuak ez du sekula 3 urteko haur
txiki horien deserosotasuna kontuan hartuko, (goizeko ordu txikietan jaiki eta
neguan, ilunduta itzuli) eta are gutxiago eskola hauek euskal eremuan (oroitu
Nafarroako Gobernuak ezarri duen zonifikazioa) kokatzen badira.
Era berean, ekonomiaren arloa ere aipatu
beharko dugu, izan ere, eskola ixteak irakaslea langabezian geratzea ekartzen
baitu. Gaur egun krisiak itotzen gaituen honetan, zerrenda loditzea bertzerik
ez dugu falta. Eskola handi batean handik edo hemendik murrizketak egitea
errazagoa da, baina gutxi dagoen lekuan nondik kendu behar da?
Guzti hau kontuan hartuz, aipatu behar dut
benetan pena bat dela herri txikietako eskolak ixtea, eskola umeek ikasgaiak,
bizi duten landa eremu aberasgarrian jorratzeko aukera galtzen dutelako,
kontuan hartuz herritarrek eskolarekin duten elkar-lan harremana. Herriak ez
dira deus haurrik gabe.